artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Irati Bazeta ilustratzaileak jaso du aurtengo Sormen Beka, ‘Harien isla' izeneko proiektuarekin

Euskara jendea gaitzat hartuta, esku-hartze artistiko bat egiteko urtebeteko beka izango du Irati Bazetak. Margogintza landuz dozena bat pieza sortuko ditu eta, horiekin, 60. Durangoko Azokan erakusketa egingo du Durangoko Arte eta Historia Museoan

irati-bazeta-ilustratzaileak-jaso-du-aurtengo-sormen-beka-harien-isla-izeneko-proiektuarekin

| 2024ko Abenduaren 12a

Euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen aurtengo beka deialdiko zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintzan oinarrituko da bere lana; dozena bat pieza sortzeko asmoa duela azaldu du, horiekin guztiekin erakusketa egin ahal izateko 60. Durangoko Azokan. 15.000 euroko beka da, eta Durangoko Udalarekin batera eskaintzen du Gerediaga Elkarteak.

Bazetak azaldu duenez, margogintza umetatik landu izan du, eta bekaren deialdiaz jakitean aurkeztea erabaki zuen. Gaia dela-eta, euskarari buruz azken boladan hainbat hausnarketa konpartitu dituela aipatu du ilustratzaileak, eta ondorioz hainbat galdera sortu zaizkiola. "Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da", esplikatu du Bazetak. Beraz, proiektuaren bidez gogoeta horiek plazaratzea da bere helburua, eta gainera, sormen prozesuan herritarren partaidetza eskatzeko asmoa du.

Sormen beka "aukera paregabea" dela uste du irabazleak, eta aurkezpenean eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta epaileei. Hurrengoek osatu dute epaimahaia: Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoko zuzendaria), Ismael Manterola (EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa), Oskia Huarte (Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria), Marina Suarez eta Maite Mugerza (Tripak kolektiboko kideak), eta iF Matxikote (Zapart Euskal Artisten Sareko kidea). Epaileen arabera, "proiektuaren argitasunagatik, deialdira ondo egokitzen delako eta hasiberria izanik lehen erakusketa egiteko aukera emango diolako" hautatu dute Bazetaren proiektua.

Zazpigarren beka deialdia

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen duten beka zazpigarren deialdira heldu da jadanik. Nerea Mujika Gerediagako presidenteak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahia zutela. "Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen", bere esanetan. Atopia rol jokoen egitasmoa izan zen lehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlana eta Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila saritu dituzte.


xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

walker

Walker

Tsai Ming-Liang

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 18tik
2026ko Abenduaren 06ra

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.