artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Juan Carlos Egillorren labirintoarekin estreinatu dute Bilboko Rekalde areto berritua

Artistaren mila lan baino gehiago bildu dituzte, eta haren marrazki, komiki eta ilustrazioak ez ezik, bideogintzan egindako lanak ere jarri dituzte ikusgai. Aretoaren fase berriko lehen erakusketa da.

juan-carlos-egillorren-labirintoarekin-estreinatu-dute-bilboko-rekalde-areto-berritua
Egillorrek sortutako Abuelita pertsonaiaren figura bat, Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Martxoaren 4a

Kartelak, ilustrazioak, komikiak, komiki zinta, bideoak, dekoratuak, eszenografia lanak, telebistarako zein zinemarako gidoiak eta net-art artelanak ere egin zituen Juan Carlos Egillor artista bilbotarrak (Donostia, 1947-Madril, 2011). Eta lan multzo erraldoi horri orain arteko begirada panoramikorik zabalena eskaini dio Bilboko Rekalde aretoak. Noranahiko sorkuntza emari horren bihotzean artistak berak bere testuetan behin eta berriz erabilitako figura bat baliatu dute erakusketari izena jartzeko: Labirinto. Egillorrek berak idatzita utzi zuenez, aurrera egiten segitzeko, ezinbestekoa zitzaion metafora hori. "Bizitoki dudan kaos honetan, bizitza den maitagarri ipuin malefiko honetan bizirik iraun ahal izateko eta mundua den labirinto engainagarri honetan borrokan jarraitu ahal izateko, metafora bat behar dut". Egilearen obrarik ezagun eta ikonikoekin batera, egilearen alderik ezezagunena ere jarri dute ikusgai, eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Garikoitz Fraga Angoitia artista eta Belleza Infinita argitaletxeko kideak egin ditu komisario lanak, eta sei urteko ikerketa lanaren emaitza da orain ikusgai jarri duten bilduma. Fragak onartu duenez, ez zuen berehalakoan baietz esan, ordea. Aurrez ere, Egillorren Agur, amante izeneko komikia berreskuratu eta argitara eman zuen Fragak, 2021ean. Eta hain zuzen ere artista ezagun zuelako egon zen ezetz erantzutekotan, Rekalde aretoak hari buruzko erakusketa bat antolatzeko eskatu zionean. "Erronka zaila zen", aitortu du.

Fragaren hitzetan, diziplina asko lantzeaz gainera, diziplina horietako bakoitzean lan kopuru handia egin zuen Egillorrek, eta, gainera, ez zuen lanak gordetzeko ohitura handirik izaten. Bilaketa lana zaila izango zela jakinik ere, eta lan kopuru hori guztia antolatzeko buruko minak izango zituela bazekien arren, onartu egin zuen enkargua Fragak, azkenean. "Ireki dugun erakusketa hau ez da erakusketa bakar bat", laburbildu du, "hemen bost edo sei erakusketa daude". Eta, hala eta guztiz ere, erakutsitakoa "izozmendiaren punta" besterik ez dela esan du Fragak. "Hil zenean haren etxetik atera zuten material guztiaren %10 baino ez dago hemen".

Kartelgintzako lanak erakusten ditu erakusketako lehen hormetako batek. Bertan elkarren ondoan ikus daitezke 1978an Txomin Barullo konpartsarentzako sortutako Bilboko Aste Nagusirako kartela, batetik, eta 1987an Bilboko Udalaren eskariz sortutakoa bestetik, txupineraren irudia duela. Eganek eta Akelarrek elkarrekin emandako kontzertu bat iragartzeko margotutako irudi bat ere badago. Euskadiko Ezkerrako jai baterako sortutakoa. Espainiako Gobernuaren eskariz irakurketa sustatzeko kanpaina bat ilustratzeko margotutakoa. Guztiak ere artistaren estilo bereizgarrian egindakoak.

Ikurrina zuri-beltza

Ikurrina zuri-beltz erraldoi baten itxurako horma irudia batea bildu dituzte Egillorrek euskal gatazkari buruz egindako komiki zintak. Ezker zein eskuin jotzen du bertan egilearen eztenak. Garratz maiz. Ameskoi tarteka. Eta aldi berean garratza eta ameskoia denumore tanta batekin ere bai beste batzuetan. "Euskadi normalizatzeko zer egin behar den esango dizut". Esate baterako, marrazki batean, leiho bat dago atzealdean. Leihoaren beste aldean, oinarri sendorik gabeko zubi industrial bat ikusten da, eta barrualdean, bi gizon trajedun, herrialdearen etorkizunari buruzko solasaldi serio batean murgilduta. "Lehen-lehenik EAJkoak egingo gara denok, eta gero bakoitzak bere Edipo konplexua garatuko dugu". Baina badira ETAri, etengabeko manifestazio deialdiei eta bestelako hamaikari egindako komiki zintak ere. "Ikonoklasta hutsa zen", borobildu du Fragak.

Artistak 1986an sortutako Menina bideoa ere ikus daiteke erakusketan. Ordenagailuz sortutako hamar minutuko animazio lan bat da pieza, eta Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroan erakutsi zuen lehenengoz. Fragak gogoratu duenez, aitzindaria izan zen lana, eta, zehaztu duenez, bizitza osoan eutsi egin zion jarrera horri. Hoorren erakusgarri 2000. urtetik aurrera Interneteko Second life plataforma digitalean egindako ibilbidea aipatu du artistak; Max Bilbao izengoitia erabili zuen lan hori sinatzeko.

Erotismoa eta sadismoa

Aurrez inoiz ikusi gabekoak dira erakusketan bildutako obretako asko. Erotismoarekin eta sadismoarekin lotutako atala da horietako bat. Gizon gihartsuen hamaika irudi topatuko ditu bertan bisitariak. Fraga: "Sekula ez zen gai honi eskainitako lanak erakusketara ausartu".

1980ko hamarkadan Bernardo Atxagaren eskutik eman zuen Egillorrek literatur ilustrazioetarako urratsa, eta esparru horretan egindako hainbat lan ere ikus daitezke erakusketan. Azkenik, egileari egindako hainbat elkarrizketa eta haren familiako argazkiak bildu dituzte azken gunean.

Rekalde areto berrituak hartu duen lehen erakusketa da Egillorrena. Hainbat hilabetez itxita egon ondoren, urtarrilean amaitu zituzten aretoa handitzeko lanak. 1991n zabaldu zituen ateak, eta Bizkaiko Aldundiak kudeatzen du. Orain artean, Rekalde kaletik izan du sarbidea, baina, lanez geroztik, Iparragirre kalekoa izango du sarrera nagusia. Aurrerantzean ere aretoak arte garaikidea herritarrei gerturatzeko asmoari eutsiko diola ziurtatu du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.

laberinto

Laberinto

Juan Carlos Egillor

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Martxoaren 01etik
2025eko Irailaren 28ra


isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

itsasbazterra

Itsasbazterra

Alex Bloc

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 02tik
2026ko Abenduaren 28ra

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.