artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Teknologiaren artea

Zer pentsatua eman zidan Donostiako Tabakaleran ikusgai dagoen Visiones Cuánticas (izenburuak ez dauka euskarazko bertsiorik) erakusketak.

teknologiaren-artea
Erakusketaren obra bat. Arg/ Tabakalera

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2025eko Apirilaren 24a

Azalpen eskuorriaren arabera, Zientziaren eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtearen barruan kokatu behar dugun erakusketak kuantikoaren alderdi poetiko, filosofiko eta estetikoaren artelanak bildu nahi ditu.

Kasualitateak eraginda edo giroan dagoelako, azken boladan artearen eta zientziaren arteko elkarlana aztertzeko gaia jorratu dugu hainbat tokitan; horregatik pentsatu nuen Tabakalerako erakusketa elkarlan horren beste adibideren bat izango zela. Baina, nahiz eta nire jarrera gogotsua izan, erakusketak ez zidan aukera handirik eman bi munduen arteko harremanaz gozatzeko. Lehenik eta behin, erakusketa artelanen bilduma bat baino gehiago delako, eta alderdi horretatik ezin izan nion jarraipenik edo hari zehatzik topatu begi aurrean neuzkan eta elkarren ondoan zeuden artelanei. Artelanak proiektu isolatu moduan ikusteak ez dio mesede handirik egiten erakusketa bati, eta, nahiz eta askotariko erakusketa ugariren arazoa izan, kasu honetan gehiago zainduko nituzke muntatzea edo erakusteko moduak.

Bestaldetik, zaila da artelanak bere horretan gozatzea aldamenean dituzten azalpen txartelak irakurri gabe, eta, irakurrita ere, kasu batzuetan ez dira erraz ulertzeko proiektuak. Ados nago gaur egun arteak ez direla zentzuen bidezko ezagupenera mugatzen; kontzeptuak eta proiektuaren gaineko bitartekoak interes berezia dute artelan bat aurkezteko orduan, baina hasieran esku-orriak aipatutako alderdi estetikoa faltan sumatu nuen behin baino gehiagotan. Arteen ezaugarrietako bat zentzuen parte hartzean dagoela uste dut, horregatik zaila egiten zaizkit testuetan edo filosofia hutsean oinarritzen diren proposamenak.

Erakusketan zehar behin bakarrik gertatu zitzaidan kontrakoa; hain zuzen, Yunchul Kim artista korearrak aurkeztutako lanak erakargarritasun estetiko handia izan arren, zaila da ulertzea hain prozesu konplikatua eta zientifikoa erabiltzea emaitza hain bisualerako. Ez dakit bide errazago batetik ez ote litzatekeen toki berera iritsiko. Azken finean, zalantzan nago noraino interesatzen zaigun jakitea algak hidrogel bihurtu diren edo ez, aurrean dugun objektua ikusten dugunean.

Erakusketatik irtendakoan, neure buruari galdetu nion ea hain teknikoak eta konplexuak diren bitartekoak beharrezkoak ote diren toki sinpleetara iristeko. Batzuetan pentsatzen dut arkatza dela arteak eskura duen tresnarik eraginkorrena (eta jasangarriena, gehituko nuke, gaur egunean modan dagoen hitza erabilita).

ikuspegi-kuantikoak

Ikuspegi kuantikoak

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Otsailaren 21etik
2025eko Ekainaren 08ra


itsasoaz-haraindiko-ikuspegiak

Itsasoaz haraindiko ikuspegiak

Patricia Phelps de Cisneros Bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 06tik
2027ko Urtarrilaren 21era

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.