artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Barbara Krugerren obrek Guggenheim museoko hormak, zoruak eta sabaiak hartu dituzte

Artista estatubatuarraren ‘Another day. Another night' erakusketa zabaldu dute Bilbon. Mezu labur eta zuzenen bidez botere egituren eraginaz gogoeta eginarazi asmo dute haren obrek. Euskaraz ere irakur daitezke horietako batzuk.

barbara-krugerren-obrek-guggenheim-museoko-hormak-zoruak-eta-sabaiak-hartu-dituzte
Barbara Krugerren erakusketako lanetako bat, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2025eko Ekainaren 25a

Esaldi baten gainetik ibiltzen hasi, beste bat zapalduz aurrera egin, parez pare dagoen horman beste bat begiz jo, eta alboko aretoko mezu sorta irakurriz segi. Kasik literalki, esaldiz esaldi egin liteke ibilbidea Barbara Krugerren obran barrena Bilboko Guggenheim museoan. Artista estatubatuarrari Euskal Herrian inoiz eskainitako erakusketarik zabalena da Another day. Another night izenekoa, eta haren lan goiztiarretatik hasi, haien berrinterpretazioetatik igaro, eta berrienetarainoko bidea egiten du. Mezu labur eta zuzenez osatutako artelan monumentalak dira asko, eta museoko bigarren solairuko zoru, horma eta sabaiak alderik alde hartu dituzte. Bilborako berariaz sortutako zenbait lan ere badira, eta euskarazko hitzak irakur daitezke horietako batzuetan.

Hizkuntza izan du lanabes maiz, eta botereari, kontrol mekanismoei, kontsumismoari eta parekidetasunik ezari lotutako gogoetak eta kritikak plazaratu izan ditu Krugerrek. Hitzak dira nagusi haren lanetan, hastapenetatik eduki gisa ez ezik forma gisa ere tratatu baitu hizkuntza, irudien pareko pisua aitortuta. Artistak ezin izan du erakusketaren aurkezpenean egon, baina proiektua harekin "elkarlan estuan" gauzatu dutela adierazi dute bai Miren Arzalluz museoko zuzendariak bai Lekha Hileman Waitoller komisarioak. Hari eskainitako "panoramika zabal bat" da bilduma, Arzalluzen esanetan; "50 urtetan hizkuntzaren, irudiaren eta boterearen inguruan garatutako lan erradikalak biltzen dituen erakusketa".

Arzalluzek nabarmendu duenez, artista bere ibilbide osoan ahalegindu da botere egiturek norbere bizitzan, identitatean, sinesmenetan eta desioetan duten eraginaz kontzientziak pizten. Eta horretarako, iturri asko baliatu ditu, hala nola diskurtso politikoak, publizitate leloak, doktrina erlijiosoak eta, berrikiago, baita sareetan zabaltzen diren mezuak ere. "Hori guztia gaur egungo gizartearen gaineko gogoeta zorrotz bihurtzen du". Bere lanaren bereizgarrien artean, letra tipografiko lodia, irudiak eta testuak gainjartzea, eta dimentsio monumentalak aipatu ditu. "Esan genezake publizitatearen eta komunikabideen lengoaia erabiltzen duela, baina haren xedea aldarazita, geure egunerokoan nonahi dauden pertsuasio, kontsumo eta kontrol mekanismoak agerian jartzeko".

Erakusketari dagokionean, Krugerrek "Bilboko eta Euskal Herriko testuinguru linguistiko eta kulturalarekiko izan duen konpromisoa" nabarmendu du Arzalluzek. Izan ere, lan batzuk berariaz euskaraz nahiz gazteleraz sortu ditu erakusketarako, eta beste batzuk ingelesetik itzuli Bilbon ikusgai jartzeko. "Haren esanetan, hizkuntzak izugarrizko indarra du, eta definitu egiten gaitu".

Hileman Waitoller komisarioak duela zazpi urte ezagutu zuen Kruger, bere obrari eskainitako beste proiektu batean, eta bere belaunaldiko beste artistengandik bereizten duten bi ezaugarri aipatu ditu. Batetik, bere obrak gaur egunera moldatzeko duen gaitasuna goraipatu dio. Azaldu duenez, 1960ko urteetan diseinu grafikoan lan egin zuen Krugerrek, eta arreta emateko molde batean landu zituen irudiak eta testuak. "Oso eskala txikiko obra haietan ikus dezakegu lan egiteko modu hori, zeina 40 urte geroago eremu digitalera eraman duen. Eta berdin binilozko obrekin, gerora espazio berrietarako birpentsatu dituenak. 40 urte dituzten obrak oso aktuala den modu batean birpentsatzeko duen gaitasun hori oso berezia iruditzen zait".

Hitz zehatzak aukeratuz ituan jotzeko eta, aldi berean, edonork edonon ulertzeko moduko mezuak sortzeko Krugerren ahalmena ere nabarmendu du komisarioak. "Gai izan da botere egiturei, botere gehiegikeriari, kontsumismoari edota genero desberdinkeriari egindako kritikak modu nahiko generiko batean egiteko, ulergarriak izan zitezen Los Angelesen, Shanghain, Londresen zein Bilbon. Zentzu osoa dute irakurtzen dituztenentzat". Haren lan batzuk gaur egungo gertakarien erantzun gisa sortutakoak diruditen arren askotan hiru edo lau hamarkada dituztela ere gogorarazi du. Eta gehitu du haren lanek, estetika erakargarri bat izateaz gain, ariketa intelektual bat ere eskatzen dutela: "Sartu, irakurri, pentsatu eta gogoeta egin".

Hitzezko korridore bat

Erakusketarako berariaz sortutako obra bat da bisitariak lehenik ikusiko duena. Are, zapalduko duena. Izan ere, aretoak lotzen dituen korridorearen zoru osoa hartzen du Untitled (Camino) lanak. Euskarazko eta gaztelerazko esaldiekin osatu du obra Krugerrek; berak idatzitakoak dira batzuk, eta beste idazle batzuenak beste batzuk. "Nor zeren jabe?" irakur liteke horietako batean, esaterako. Eta hitzen artean gogoeta eginez helduko da bat lehen aretoetarako sarbidera.

Kontsumismoaren gaiak zeharkatzen du lehen gela osoa. Pantaila handi batek egiten du harrera, eta Krugerren lan nabarmenetako bat ikus daiteke bertan: Untitled (I shop therefore I am), artistak 1987an binilo gainean sortua eta 2019an LED instalazio gisa birsortua. Esaldi horren aldaerak txandakatzen dira pantailan —denak ingelesez—, eta, hala, "Erosi egiten dut, beraz, banaiz" irakurri ondotik, "Erosi egiten dut, beraz, pilatu egiten dut", "Behar dut, beraz, erosi egiten dut", "Maite dut, beraz, behar dut" eta beste hainbat agertuko dira.

Inguruko hormetan, hamar esku zuri-beltz handi ikus daitezke. Irudien eta testuen collage batzuk eusten dituzte. Eta artistak duen oihartzunaren froga moduko bat da lana, kasu honetan. Collageetako irudiak ez direlako Krugerrek sortutakoak, egile anonimoek egindakoak baizik, betiere, haren estiloa iturritzat hartuz. Eta horiek dira artistak Untitled (That's the way we do it) izeneko obran bildutakoak.

Hurrengo espazioa bi panel beltz handik zatitzen dute: "Egin ezazu negar" irakur daiteke batean, eta "Egin ezazu irri" bestean —gazteleraz bietan—, eta artistak aurten sortutako lanetako bat da. Inguruan, berriz, artistak 1980ko eta 1990eko urteetan sortutako paste-up piezak daude; tamaina txikikoak dira, testudun zuri-beltzeko argazkiak, diseinu grafikoko langintzaren eragina dutenak eta ondorengo obra monumental batzuen oinarrian ere badaudenak. Aretoaren hondoko gelan, Untitled (No comment) (2020) bideo instalazioa kokatu dute, zeinetan artistak egungo informazio zaparradari egiten dion erreferentzia.

Alboko areto batean, beste lau LED pantaila handitan, artistak 1980ko hamarkadan sortutako eta 2020an berrinterpretatutako beste horrenbeste lan daude. Horien artean dago haren pieza esanguratsuenetako bat: Untitled (Your body is a battleground). 1989an abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio baterako kartel moduan sortu zuen Krugerrek irudi hori, ez artelan gisa, baina ikoniko bihurtu zen denboraren poderioz. Haren parean, binilozko letra handi batzuek hartzen dute horma osoa: Untitled (Verdad) (2024-2025) lanean, egia hitza irakur daiteke gazteleraz, beltz ilunez hasieran baina gris zurbil bilakatuta azkenerako.

Orwell eta Woolf

Espazio horretatik aterata, korridoreko esaldien gainetik beste areto handi batera helduko da bisitaria. Zuri-beltza da nagusi bertan, eta, lau hormak ez ezik, zorua ere hartzen dute tamaina erraldoia duten hitzek. Lurrean, Untitled (Forever) (2017-2025) lanean, George Orwellen 1984 eleberriko esaldi goibel bat irakur daiteke: "Etorkizuna nolakoa izango den jakin nahi baduzu, imajina ezazu bota bat giza aurpegi bat zanpatzen... etengabe". Hormetako bakoitzak obra bana hartzen du, eta Virginia Woolfen Gela bat norberarena liburuko aipu bat ageri da horietako batean.

Zuri-beltza ez, zuri-gorria da protagonista azken aretoan. "Oso areto gogorra da", zehaztu du komisariok. Hormak biluzik daude, baina zoru osoa eta sabai-leihoa kolonialismoari, botere egiturei eta AEBetako diskurtso nazionalistei lotutako mezuz bete dituzte.

Lan horiek guztiak eta beste hainbat azaroaren 9ra bitarte izango dira ikusgai.


xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

nicholas-nixon

Nicholas Nixon

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 02tik
2026ko Ekainaren 28ra

ni-naiz-bestea

Ni naiz bestea

Jabier Herrero

ZAS kultur aretoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Apirilaren 30etik
2026ko Ekainaren 04ra

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 21a

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 20a

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 2026ko Maiatzaren 19a

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 15a

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.