artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Abel Azkonaren barne zauriak artxibo, lekuko eta arma bilakatu dira Montehermoson

Artistaren ibilbide performatiboan eta bizitzan arakatzen duen erakusketa zabaldu dute Montehermosoko ur biltegian. 'Familiaren monumentua' izenburupean, jaio zenetik pairatutako bortxak eta traumak azaleratu ditu Azkonak. 500 pieza inguru bildu ditu.

abel-azkonaren-barne-zauriak-artxibo-lekuko-eta-arma-bilakatu-dira-montehermoson
Abel Azkona artista, bere erakusketaren obra batzuekin. BERRIA

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2025eko Ekainaren 26a

Bortizkeria ugarik zeharkatu dute Abel Azkonaren bizitza (Iruñea, 1988): haurtzaroan tratu txarrak eta sexu abusuak pairatu zituen, prostituta baten semea da, abandonatua izan zen, adoptatua, bere buruaz beste egiten saiatu zen... Familia da orbaindu gabe duen zauriaren jatorria, eta familia du sorkuntzarako akuilu eta indar. Baita kritika sozial eta politikorako tresna ere. Eta, horregatik, familia du oinarri eta inspirazio Gasteizko Montehermoso jauregian zabaldu duen erakusketa "autobiografikoak" ere. Azkonak gorputzaren, traumen, bortxaren eta erresistentzien inguruan arakatuta ondu du Familiaren monumentuabilduma. Irailaren 28ra arte zabalik egongo da Montehermosoko ur biltegian.

Azkonaren lana "deserosoa" da, "sakona", "erraietatik" sortua, eta ikuslea zuzenean interpelatzen duena, Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziaren hitzetan. Izan ere, artistak ez du ikuslea kontsolatzeko asmorik, ezta arteaz gozatzeko gune atseginik eskaintzeko intentziorik ere. Deserosotasunetik mintzo da Azkona, eta, hala, bere haurtzaroa, gorputza, pairatutako "egiturazko indarkeria", "trauma" eta "erresilientzia" modu kronologiko eta grafiko batean islatu du Montehermosoko erakusketan.

Horretarako, artistak bere burua biluztu du eta zauria artxibo, altxor, lekuko eta arma bilakatu. "Katarsi" moduan definitu du artistaren bilduma Daniel Castillejo komisarioak."Astiro digeritu" beharrekoa dela esan du, eta ez duela inor "hotz" uzten.

Artistaren ibilbide performatiboa eta bizitza eskutik doaz erakusketan: duela 22 urte egindako lehen performancetik hasi, eta bere amari eskainitako pieza berrienera arte. Ia 500 lan inguru biltzen ditu Azkonak inoiz egin duen erakusketarik zabalenak. Instalazioak, idatzizko testuak, argazkiak, dokumentuak eta altzairuak biltzen ditu.

Erakusketa ikusita, esan daiteke izenburuak ironia eta mina gordetzen dituela: familia espazio babestutzat joohi da, baina Azkonarentzat minaren sorburu da, eta monumentu bat eskaini dio, ez opari gisa, trauma baten aztarna gisa baizik. "Anti-monumentuaren kontzeptuaz ari naiz, traumaren historia bera obra baino garrantzitsuagoa delako", azaldu du. "Nire kasuan, nire familia izan zen gerra, eta suntsitu egin ninduen".

Jaiotza bera —eta mundura etorri aurrekoa ere— bizipen biolentoa izan zen, guztiz, artistarentzat: ama prostituta zen, heroinaren kontsumitzailea, eta "hirutan" saiatu zen abortatzen. Jaiotzaren inguruko samin hori erakusten duten hainbat piezarekin abiatzen da erakusketa, eta handik aurrerako ibilbide kronologikoa egiten du: besteak beste, heroinarekiko abstinentzia sindromearekin jaio zela, sexu abusuak pairatu zituela haur etxeetatik igaro zenean, eta jaioberritan abandonatu zuen ama haren bila aritu zela, ustekabean agertu zen arte. "Jaiotzera behartzen bazaituzte, hainbeste aldiz bortxatu eta gaizki tratatu bazaituzte, ez duzu bizirik irauten, baizik eta gaizki irauten", laburtu du Azkonak.

"Ez jaiotzeko eskubidea"

Artistaren erreferentziazko piezak daude bilduman, hala nola bere jaiotza espediente ofiziala biltzen duen 09872 Espedientea. Azkonak perfomance ugari egin izan ditu administrazioak bere bizitzari jarritako kode horren inguruan, "trauma instituzionala" bistaratzeko. Pieza horretan, bere jaiotza ordua ordu erdiz atzeratu du, "ez jaiotzeko eskubidea" aldarrikatzeko, artistak azaldu duenez.

Enpatia eta Prostituzioa du ibilbideko bestelan esanguratsuenetako bat, eta hori ere ikus daiteke aretoan: Azkonak prostituzio egoeran jartzen du bere gorputza, ikuslea haren amaren tokian jar dadin, eta, horretarako, performancearen bideoak eta ohe bat paratu ditu aretoan.

Azkonak ez du soilik bere mina kontatu nahi; beste hainbat emakume, haur eta gorputzen mina ere ikusarazi nahi du. Eta, hala, adoptatutako aita izandakoari lotutako pieza gordinak paratu ditu sexu abusuaren testigantza publiko egiteko; ama biologikoarekin izandako lehen elkarrizketaren dokumentuak bildu ditu —2024ko apirilaren 1ean grabatutakoak—; prostituzioaren bezeroak irudikatzen dituzten gizonen irudiak eta bere amaren DNA proba erakutsi ditu, bai eta babesa eta zaintza ardatz hartuta afektibitatetik sortutako pieza batzuk ikusgai jarri ere.

Castillejok eta Azkonak lau eskutara atondu dute ur biltegia erakusketarako, eta, adierazi dutenez, "utero handi" bilakatu dute. Azkonak aitortu du erakusketa hartzen duen espazioarekin "txundituta" geratu dela —"sekula ikusi dudan aretorik ikusgarriena da"—, eta ez dagoela familiari monumentu bat eraikitzeko toki aproposagorik.

Ur biltegiaz harago ere zabalduko da erakusketa aurki. Izan ere, Familiaren monumentua izeneko bildumaz gainera, artistak azken urteotan bildutako material dokumental eta ikus-entzunezko pieza ugari jarriko dituzte ikusgai Montehermosoko Jovellanos aretoan.Azkona artxiboa. Monumentu baterako proiektuajarri diote izenburua erakusketaren atal horri.

monumentu-bat-familiari

Monumentu bat familiari

Abel Azcona

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2025eko Ekainaren 27tik
2025eko Irailaren 28ra


ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.