artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Betebehar bihurtutako desira

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko erakusketa bat egin du Cristina Gutierrez Meursek. Bi urteko sormen prozesua izan da, eta egia eta justizia aldarrikatu nahi ditu artelanekin

betebehar-bihurtutako-desira
Cristina Gutierrez Meurs artista eta idazlea, Durangoko Arte eta Historia Musesoan, Egiteke duguna erakusketako obra baten aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2023ko Otsailaren 23a | Iraia Vieira Gil [BERRIA.eus]

Beste obra batzuekin batera, perlek apaintzen duten zirkulu bat jarri du Cristina Gutierrez Meurs artista eta idazleak (Madril, Espainia, 1966) Egiteke duguna erakusketaren hasieran. Bitxiek irudi polita ematen badute ere, espazio publikoaren eta pribatuaren banaketa irudikatzen du zirkuluak, eta urteetan emakumeen lekua zein izan den salatzen du. "Etxean bazterturik egon gara emakumeak, eta, gainera, fantasiaz mozorrotu digute errealitatea", azaldu du artistak. Espazio pribatutik atera ezin izanak emakumeen aurkako beste indarkeria batzuk ere sustatu dituela uste du, eta horiek salatzeko erabili du, hain zuzen, arte plastikoa. Martxoaren 19ra arte egongo da zabalik erakusketa, Durangoko (Bizkaia) Arte eta Historia Museoan. Gutierrezek berak artelanen nondik norakoak azaltzeko zenbait bisita gidatu eskainiko ditu.

Erakusketak azken bi urteetako lana biltzen du, baina gaiak aurretik piztu zuen artistaren interesa. "2012an jantzi nituen betaurreko moreak, Espainiako Gobernuak frankismo garaian egin zituen haurren lapurreten biktima bat ezagutu nuenean zoriz". Etxeko posta jasotzera jaitsi zen atarira Gutierrez Meurs, eta ezagutzen ez zuen emakume bat topatu zuen bertan. "Beste garai batean eraikina amatasun klinika bat izan ote zen galdetu zidan, eta segidan aitortu zuen delitu horren biktima zela". Informazioa biltzeari ekin zion orduan, eta aurkitutakoak benetan harritu zuen: 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara arte haurren lapurreta ugari izan ziren. "Ezin nuen sinetsi milaka emakumeri hori egin zietenik, eta are gutxiago gezurrez eta iruzurrez baliatuta".

Ezagutu berri zuen errealitate latz horrek hainbat artelan sortzeko aitzakia eman zion, baina iruditu zitzaion ez zirela nahikoa emakumeek bizi izan zuten bortizkeria adierazteko. "Irudiak ez ziren nahikoa nik aldarrikatu nahi nuena kontatzeko, eta, azkenean, eleberri bat idaztea erabaki nuen". 2016an kaleratu zuen Lo que no me quisiste contar liburua (Kontatu nahi izan ez zenidana).

Feminizidioak

Oraingo proiektuan, haurren lapurreta salatzen duten artelanek hartu dute garrantzia. Erakusketa osatzen duten piezen artean, zuriz idatzitako inpunitate hitza biltzen duen marko bat dago. Bilboko kaleak seinalatzeko erabiltzen direnen antza du: urre kolorekoa kanpotik, urdina barrutik. "Ezin dugu egiaz, justiziaz eta erreparazioaz hitz egin delitu horri buruz ari garenean. Inpunitatea da erabili dezakegun termino bakarra". Hain zuzen ere, 2011. eta 2019. urteen artean, haurren lapurreten biktimen 2.000 ikerketa eskaera baino gehiago jaso zituzten Espainiako auzitegiek; lautik bakarra judizializatu zuten. Amnesty International erakundearen arabera, auzitara heldu ziren kasuak ere artxibatu egin dituzte.

Haurren lapurreta, baina, ez da emakumeek urteetan jasan behar izan duten indarkeria modu bakarra. "Muturreko indarkeriaren adibide da, bai, baina estereotipoek sortu dituzten beste asko ere badaude". Estereotipo horien irudikapena da, zehazki, erakusketan sartzean ikusleak ikusiko duen lehenengo obra. "Zirkulu bat da. Zapata txiki arrosa bat du barruan, eta zapata txiki urdin bat kanpoan". Emakumeei dagozkie arrosak; gizonei urdinak. "Amatasunaren irudia da. Norbanakoaren desira izan beharko luke amatasunak, baina betebehar eta ofizio bihurtzen du askotan gizarteak". Hainbesteraino, non emakumeei erasotzeko aitzakia ere baden: "Gure gorputzak kontrolatzen dituzte, seme-alabak lapurtzen dizkigute, eta, gainera, fisikoki, psikologikoki eta sexualki erasotzeko arrazoitzat daukate".

2016an, eleberria idatzi ostean, feminizidioen inguruko albisteei arreta jartzen hasi zitzaien. "Estatistika ofizialak begiratzeaz gain, hildako beste emakume batzuen kasuak ere aztertzen hasi nintzen". Prostitutenak edota erasotzailearekin maitasun harremanik ez zuten emakumeenak, kasurako —2022an hasi zen Espainiako Estatua azken horien hilketak feminizidiotzat hartzen—. "Ohartu nintzen kontatzen zigutenak ez zuela zerikusirik gertatzen ari zenarekin, eta hildako emakumeen izenak gorbatetan brodatzen hasi nintzen".

Gauzak ez dira asko aldatu ordutik hona, eta artistak uste du emakumeen aurkako indarkeria "gaitz sozial" oso zabaldua dela oraindik. BERRIAk egindako kontaketaren arabera, 117 emakume hil dituzte 2003az geroztik Euskal Herrian. Guztien izenak ez dira azaltzen Gutierrez Meursen gorbata horietan, baina badira batzuk behintzat.

Artistaren arabera, patriarkatuak emakumeengan izan duen eta oraindik ere baduen eragina salatzeko bidea da Egiteke duguna erakusketa, eta, alde horretatik, gorbatek garrantzia berezia dute Gutierrezen lanetan. "Gizonen boterea irudikatzen dute; boterea eta kontrola". Ez da osagarri horiek erabiltzen dituen lehen aldia: duela 21 urte Prestige ontzia hondoratu zenean ere, galipotez zikindu zituen batzuk. "Nire lana betidanik izan da aldarrikatzailea, baina orain dela hogei bat urte hasi zen moreagoa izaten".

egiteke-duguna

Egiteke duguna

Cristina Gutierrez Meurs

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2023ko Otsailaren 10etik
2023ko Martxoaren 19ra


silver-ships

Silver Ships

Karlos Martínez Bordoy

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Urtarrilaren 30etik
2026ko Apirilaren 06ra

nicholas-nixon

Nicholas Nixon

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 02tik
2026ko Ekainaren 28ra

museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

mikel-okinena

Mikel Okiñena

ArteA2 (Zizur Nagusia, Nafarroa)

2026ko Martxoaren 13tik
2026ko Apirilaren 25era

itsasama

Itsasama

Irène Jonas

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Martxoaren 20etik
2026ko Apirilaren 26ra

katalogo-arrazoinatuak-aro-digitalean

Katalogo arrazoinatuak aro digitalean

| 2026ko Martxoaren 21a

Katalogo arrazoinatua artista batek sortutako obra ezagutu guztien bilduma da. Urte gutxitan, horien digitalizazio masiboak nabarmen hobetu du haien erabilera. Hala ere, digitalizazioak erronka berriak ere ekarri ditu.

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

Mar. 12 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

Mar. 12 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

Mar. 06 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.