artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Denborak irekitako tarteetako artea

Ekoiztu bekaren laguntzarekin garatutako hiru proiektu jarri dituzte ikusgai Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Sofia Mendiondoren, Jorge Seviren eta Maria Hidalgoren obrak daude jasota. Batera edo bestera, hirurek gogoetatu dute denboraren joanaz.

denborak-irekitako-tarteetako-artea
Bisitari bat, Jorge Sevi artistaren lan bati so. Arg/ IÑIGO URIZ / FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 6a

Mugimenduan den izaki bati argazki bat ateratzearekin konpara liteke. Baita, bestela, martxan den bideo bat kolpez gelditzeko stop botoia sakatu eta irudi izoztuari behatzeko keinuarekin ere. Antzera gertatzen da bietan. Argazkiari so denak ziurtasunez daki izakia diferente azalduko zela irudian, baldin eta argazkilariak segundo bat geroago egin izan balu klik. Eta bideoaikusten ari denak ere ederki daki, edo behintzat susma dezake, ikus-entzunezkoa gelditzea erabaki duen arren, bistara daukan eszenaren atzetik gehiago ere azalduko direla bidera,detaile eta gertakari gehiagorekin. Horra paralelismoa. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) antzera gertatzen baita aldian behin. Zehatzago: gertatu da orain.Ekoiztu kultur bekaren babeseanlandutako azken hiru proiektuak ikusgai jarri dituztebigarren solairuan, ekainaren 26ra arte izanen dira bertan, eta, hain zuzen, artean helmugara ailegatu ez diren prozesuen erakustoki gisara funtzionatzen du erakusketak. Gertatu denarena ez, gertatzen ari denaren isla da erakusketa. "Hain da horrela, ezen artistetako batek ja esana digu akaso tokiz mugituko dituela piezetako batzuk, eta litekeena dela muntaketa diferentea izatea hemendik bi astera", ohartarazi du Uharte zentroko zuzendari Oskia Ugartek. Satisfazioa suma dakioke hitzotan. Pozik da Ekoiztu bekaren aldi honetan parte hartu duten Sofia Mendiondo, Jorge Sevieta Maria Hidalgo artistekin. Pozik, besteak beste, arian ari direlako oraindik.

Orain arteko urratsek artistak noraino eraman dituzten ikusteko balio du erakusketak, hortaz. Bai eta, zeharka bada ere, Ekoiztu bekak zertarako babesa eman dien agerian uzteko ere. Urtean bitan egiten dute beka hori erdiesteko deialdia zentroan, etahiru proiektutarako laguntza eskaintzen dute haietako bakoitzean —orain ikusgai jarritako erakusketakoak2025eko bigarren seihilekoko deialdian hautatutako proiektuei dagozkie—. 3.000 euroko diru laguntza, lanerako tokia eta mentoretzarako aukera ematen diote bakoitzari.Manuela Padron eta Pablo Marte izan diramentoreak aurten.

VAPOR izenburupean aurkeztu du bere proiektu artistikoa Sofia Mendiondok (Buenos Aires, 1991) Uharten. Besteak beste, erabileraren eta denboraren joanaren beraren ondorioz objektu batzuetan antzeman daitezkeen aldaketei erreparatu die artistak. Propio funtzio bat betetzeko sorturiko objektuetan jarri du arretabetiere, hala nola medikuntza tratamenduetarako gailuetan, eta, hala, aztertu du zer gertatzen den objektuok funtzionatzeari uzten dioteneanedo, behin erabiliak izanda, haiek baztertu etabeste toki batzuetara desplazatutakoan; adibidez, orduan ere ba ote duten berezko zentzurik, eta, hala balitz, zein. Materialen propietateei eta erabilerakuzten duen arrastoari ere begiratu die, bereziki, horretarako. "Keinuek utzitako tolesek eta higadurak iradokitzen dutena ere asko interesatu zait, eta interesgarria zait, batez ere, pentsatzea galtzear den material batekin ari naizela lanean", azaldu du Mendiondok.

Erakusketarako ikusgai paratu dituen piezen artean, latexezko eskularru batzuen bilgarri zahar mordo batek osatutako bi metak ematen dute atentzioa bereziki. Artistaren esanetan, zirujauek kirurgietarakobaliatzen dituzten eskularruak biltzeko baliatu ziren zorro horiek inoiz, eta, orain, bereziki zaio interesgarria haiek bistaratzea. "Argibide batzuk ere badakartza bilgarri horietako bakoitzak, baina erabiltzaileari ezinbestekoazaio aurretiazko ezagutzaren bat. Hemen, berriz, objektuok dagoeneko ez dira lehen zirena".

Materialen lanketari dagokionez, Mendiondok aitortu du "errepikapena" izan dela gakoa. Keinu bat aukeratu, eta hura behin eta berriz gauzatuzmaterialekin zer gertatzen zen ikusi ahal izan du horrela. "Etahori bakarrik ez: segun eta zer zekarkion horrek materialari, neronek ere batera edo bestera erreakzionatu behar izan dut, kasik urgentziaz batzuetan". Adibide gisara, bi pieza elkarri batu nahieta haiek zolan ainguratu ezinean ibili zenean kontrapisu bila aritu behar izan zuenekoa ekarri du gogora. "Une bakar batean ere ez naiz saiatu piezek hartuko zuten forma aurreikusten; arian-arian gertatu dira".

Poemekin joan-etorrian

Kontrastean, Jorge Sevik (Zamora, Espainia, 1997) literaturari estuki loturik ondu du bere proiektua:...y los caballos corrían hasta olvidar que eran caballos. Izenburua bera Richard Siken idazlearen Crush olerki liburuko poema batetik atera du artistak. Pieza eskultorikoak ez ezik, poemagintzari loturiko proposamenak dira nagusi haren erakusketan. Sevi: "Izan ere, abiapunturik aipatu beharko banu, esanen nuke nire eta lengoaia poetikoaren arteko harremana duela honek guztiak ernamuina".

Hitzek berez daukaten esanahiaz harago ere esan dezaketenari bueltaka aritu da urteotan Sevi. Eta, ariketa horretan, honek liluratu du batez ere: "Hitzek zabaltzen dituzten irekidurek". Seviren hitzetan, nor zaren, non zauden, eta bizitzako zer unetan zauden, diferente ulertzen dira hitzak ere, eta hori bera, denboraren joanak norberarengan eragin dezakeen eta bizitzan egin daitezkeen mugimenduek dakartena, xehe aztertu du, horregatik, Uharteko egonaldian. Hori guztia materialki islatu nahian, material "efimero eta hauskorrak" hautatu ditu artistak, hala nola papera eta paperak biltzeko baliatu ohi diren kartoizko edo plastikozko edukiontziak. "Zabal-zabal irekitako liburu bat arkitektonikoki irudikatu nahiko banu bezala izan da".

Gainera, erakusketako bi piezatan bereziki dago agerian artistak bere barnera eginiko gogoeta. Bi argazki daude horman paratuta; batean, bera ageri da txikitan, kamerari begira; bestean, bera ageri da, kamerari begira horretan ere, baina gaur egungo itxurarekin,eta atzeko horman preseski txikitako argazki hori zintzilikatua duela. Bestalde, Correspondencias izeneko olerki liburu bat ere idatzi du Sevik —Lorea Alfaroren laguntza izan duliburukiaren azala ontzeko—.

Eta poemak daude bistara Maria Hidalgo Nietoren (Ubeda, Espainia, 1996) proposamenean ere. Izatez, "poema bilduma filmiko" gisara definitu du artistak bereúltima acampadaobra. Haren familiak iragan mendeanSuper-8 kamera batekin filmatutako hainbat iruditan inspiratuta, zazpi "kapitulu" idatzi ditu Hidalgok, eta Uharte zentroko bi paretatan ikusarazi ditu, argiztatuta, zazpi proiektagailu baliatuta. Haiei begira, poema bilduma bat orriztatzen ari delako irudipena izan dezake ikusleak, "martxan dauden poema batzuk baitira, funtsean".

Literaltasunari muzin

Erakusketaren aurkezpenean, lan multzoari forma hori eman aurretik eginiko beste urrats batzuk aletu ditu Hidalgok. Nabarmendu duenez, aurrez ere sarri egin du lan ikus-entzunezko edukien inguruan, zinemagintzarekin loturiko elementuekin, eta kasu honetan ere irudiekin hasi zen lanean batez ere. "Aitonak filmatutako irudiak hartu, eta haiek batera edo bestera muntatzen hasi nintzen, bereziki erreparatuta, adibidez, irudien opakutasunari eta gardentasunari". Aldiz, artistak aitortu duenez, irudietatik askoz ere gehiago urrunduta jardun da azkenerako: irudiek iradokitzen diotenari buruzko poemak idatzi ditu, baina ikusleari erakutsi gabe irudiok nolakoak diren zehazki. "Are gehiago, literaltasunari ihes egin diot". Gainera, irudiek iradokitzen diotenaz gain, artistak sarri baliatu ditu, besteak beste, bai lagunek esandako hitzak, eta baitakalean edo filmetan aditutako beste batzuk ere.

"Oso aske jardun dut; horretarako baimenaeman nahi izan diot neure buruari", aitortu du Hidalgok.Ikusleari dagokionez, nahi luke hark ere libre jardutea obra interpretatzeko garaian."Idatzi dudanak eraman zaitzake nik lehengai gisara izan ditudan irudietara, edo, kontrara, berri batzuetara. Gustatzen zait pentsatzea hau izan daitekeela edo iraganeko film baten gidoiaedo, berdin,oraindik egiteko dagoen film batena".

ekoiztu-2025-ii

Ekoiztu 2025.II

Uharte Zentroa (Uharte, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 17tik
2026ko Ekainaren 26ra


ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

essence

Essence

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

mundu-baten-aukera

Mundu Baten Aukera

Naturaren ikuspegiak BBVA Bilduman

BBVA San Nikolas (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 12ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.