artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Tabakalerak "Extramission: begi distiratsuen ehizan" Jessica Sarah Rinland artista eta zinegilearen erakusketa inauguratu du

Tabakaleraren, Rotterdamgo Nazioarteko zinema-jaldiaren (IFFR) eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetzaren emaitza da erakusketa, eta sorkuntza artistikoarekin eta audiobisualarekin batera hartua duten konpromisoa azpimarratzen du.

tabakalerak-extramission-begi-distiratsuen-ehizan-jessica-sarah-rinland-artista-eta-zinegilearen-erakusketa-inauguratu-du

| 2024ko Irailaren 18a

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Rotterdamgo Nazioarteko zinema-jaialdiarekin (IFFR) eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Extramission: Begi distiratsuen ehizan erakusketa inauguratzen du gaur, Jessica Sarah Rinland errealizadore argentinar-britainiar ezagunarena.

Erakusketa hau Tabakaleraren helburuaren erakusgarri bat da, hain zuzen ere, sorkuntza artistikoa eta audiobisuala sustatu eta arte garaikidearen eta zinearen arteko intersekzioa bultzatzekoa. Jessica Sarah Rinlandek, Ikusmira Berriak programan egonaldia egin zuenak, "Monólogo colectivo" bere azken film luzea erakutsiko du Donostia Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailaren barruan.

Instalazio audiobisuala eta artxibo historikoa

Extramission: Begi distiratsuen ehizan erakusketaren alderdi nagusietako bat hauxe da, Rinlandek mugimendudun irudi berriak eta audio-grabazioak uztartzen dituen modua XX. mende hasierako National Geographic aldizkarietako orrialdeekin.

Rinlanden instalazio audiobisualak, Tabakalera komisario duenak, bi kanaleko bideoa biltzen du; bakoitza hamar minutukoa, eta zuri-beltzean proiektatuak pista anitzeko soinuarekin. Lehenen pantaila Londresko Historia Naturalaren Museoan grabatu zen, kamera termikoak erabiliz, jatorrian ehizan eta zaintzan erabiltzen ziren teknologiekin, alegia. Kamera horiek kontserbatzaileen lana jasotzen dute; hauek animalia-ale disekatuak zaharberritzen ari dira, lekualdatuak izan aurretik. Bideoan, kontserbatzaileen eskuek, kamera termikoan zehar ikusita, distira egiten dute animalien gorputz geldi eta hotzekin kontrastean. Horrela, gizakiaren eta naturaren arteko harremanari buruzko metafora bisual bat sortzen da.

Bigarren proiekzioa infragorriekin grabatutako irudietan oinarritzen da. Rewilding Argentina Fundazioak emandako irudiak dira. Bertan, animalia-espezieak beren habitat naturaletan berriz sartzeko prozesua dokumentatzen da, Europan gatibualdian egon ondoren. Kamera infragorriek igaraben begien distira jasotzen dute, eta estramisioaren teoriak deskribatutako fenomeno bisuala gogora ekartzen dute; teoria horren arabera, begiek igorritako argiaren bidez hautematen dute gizakiek mundua.

Bestalde, erakusketak George Shiras III.aren lana nabarmentzen du. Basa-bizitzaren argazkilaritzaren aitzindari, Shirasen teknika berritzaileak —besteak beste hark asmatua da ehiza-kamera— iraultza ekarri zuen animalien irudiak beren ingurune naturalean jasotzeko moduan. Shirasek antzinako ehiza-teknika indigenetatik eratorritako metodoak erabili zituen, esaterako suaz baliatzea animaliak erakartzeko. Hala, aurrerago, horrek aukera eman zion animalien begietan argia islatzen zen instant horiek bere kamerarekin jasotzeko. Erakusketan dauden National Geographiceko orrialde markoztatuek irudi historikoak erreproduzitzen dituzte, argazkilaritzako esperimentazio-lan hori ez ezik, faunaren kontserbazio eta dokumentazioaren zientzian izan duen eragina ere jasotzen dutenak.

Horrela, oraingo kontserbazio-ekintzei eta iraganean indarkeriekin izan duten loturari buruzko galderak planteatzen ditu erakusketak. Teknologia modernoa —kamera termikoak eta infragorriak besteak beste— eta material historikoa uztartuz, obra honek iradokitzen du kontserbazioak bizitza babestu ez ezik, aurrez aurre jartzen dituela ere iragana eta gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko tentsioak.

Rinlandek, erakusketa honekin, esplorazio bisual eta sentsorialerako leku bihurtzen du aretoko espazioa. Bertan, argazkilaritza dokumentalak utzitako ondareaz eta honek orainaldian duen eraginaz gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea.

Nazioarteko lankidetza eta sorkuntza garaikideari babesa

Tabakaleraren, Rotterdamgo Nazioarteko zinema-jaialdiaren eta Donostia Zinemaldiaren arteko bigarren lankidetza da hau. Elkarlan honen ondorioz sortutako lehen erakusketa Vive le cinéma! izan zen, 2022an Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhang-ke zinemagileen lanak jaso zituena. Lau zinemagileek beren ohiko praktika moldatu zuten, filmak egitea, erakusketa-areto batean ikusteko ikus-entzunezko piezak sortzeko. Captives, Kulumbegashvilik erakusketarako espresuki sortu zuen proposamena, 2023ko Rotterdamgo zinema-jaialdian parte hartzeko hautatu zuten, eta "April" zinemagile georgiarraren film berria sortzeko abiapuntu izan zen. Film horrek Veneziako zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saila itxiko du.

Hala, lankidetza berri honek azpimarratu egiten du zentroak ekoizpen audiobisualarekin eta artistikoarekin duen konpromisoa, eta artistei laguntzeko ekin dion ibilbidea irmotzen du: oraingoan Jessica Sarah Rinlandi. Bere lana Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak eta Hubert Bals Fundek babestu dute postprodukzio fasean. Nabarmentzekoa da Tabakalerak ikus-entzunezko lanen alde egindako apustua aurreko erakusketetan ere islatu dela, esaterako aipatutako Vive le cinéma!n (2022) eta Isabel Hergueraren El sueño de la sultana (2023) animazioko filmaren sortze prozesuari eskainitako erakusketa.

Erakusketa Tabakalerako 2 erakusketa-aretoan dago ikusgai 2025eko urtarrilaren 12ra arte. Bere inguruan antolatu diren jardueren programaren barruan hiru emanaldi eskaintzen dira Tabakalerako zinean, Jessica Sarah Rinland eta Gerard Ortín zinegileen lanak erakutsi eta haien sortze prozesuak eta ikuspegi tematikoak elkarrizketan jartzeko. Bi errealizadoreak Tabakalerara bertaratuko dira beren filmak aurkeztera. Gainera, ohi denez, bisita solasaldiak eta lantegiak eskainiko dira erakusketaren gaietan sakontzeko.

Biografia

Jessica Sarah Rinland (Buenos Aires, 1986) zinegile eta artista bisual argentinar-britainiarra ezaguna da zientziaren, historia naturalaren eta kultura materialaren arteko intersekzioak aztertzen dituzten bere lanengatik. Zinea, argazkilaritza eta multimedia instalazioak lantzen ditu. Rinlandek zinemaldi ospetsuetan eta arte garaikideko zentroetan aurkeztu ditu bere lanak, besteak beste hauetan: Berlinale, Locarnoko zinema-jaialdia, Tate Modern, Bafici eta New York Film Festival. Bere ibilbidean zehar, sari ugari jaso ditu eta egoiliarra izan da, besteak beste Tabakalerako Ikusmira Berriaken eta Donostiako Zinemaldian 2020an.


circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.