artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artium Museoak agur esango dio Néstor Basterretxearen mendeurrenari artistan oinarritutako lan performatibo batekin

Josune Velez de Mendizabal aktoreak sinatzen du lana, joan den apirileko Loraldian estreinatua. Munstro baten etxean solasean lanak Velez de Mendizabalek Basterretxeari 2008an egin zion elkarrizketa berreskuratzen du. 25 erakundek baino gehiagok parte hartu dute Basterretxearen mendeurrena dela-eta 2024ko urtarriletik antolatutako ekitaldietan.

artium-museoak-agur-esango-dio-nestor-basterretxearen-mendeurrenari-artistan-oinarritutako-lan-performatibo-batekin

| 2025eko Maiatzaren 2a

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977) sortzailearen Munstro baten etxean solasean lan performatiboaren antzezpena eskainiko du maiatzaren 6an, asteartean, 19:00etan. Euskaraz izango da. Lana aktorearen bizipen pertsonal batean oinarrituta dago: Nestor Basterretxeari duela hamabost urte baino gehiago Idurmendietan ―Basterretxearen bizileku izandako baserrian, Hondarribian― egin zion elkarrizketan, hain zuzen. Antzezpen horrekin emango dira amaitutzat museoak 2024ko urtarrilean bermeotar artistaren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak. Sarrera librea eta doakoa da. Leku-kopurua mugatua da.

2024ko urtarrilean, Néstor Basterretxea artistaren (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien aurkezpena egin zen Artium Museoan. Orduko hartan, hogei erakundek baino gehiagok eman zioten ahotsa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak artistaren familiarekin lankidetzan sustatutako eta Artium Museoak koordinatutako egitarau zabalari. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako momentuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan ziren ekitaldi haren buru; eta bertan izan ziren, Basterretxea Irurzun familiaz gainera, denbora honetan mendeurrenaren ospakizunetan parte hartu duten erakunde gehienetako ordezkariak ere. Harrezkero, Néstor Basterretxeak utzitako ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna, haren konpromiso soziala eta haren lanak Euskal Herriko imajinario kolektiboan utzitako arrastoa azpimarratu dira, hilabetez hilabete, hainbat erakusketa, hitzaldi, ikastaro, tailer, kontzertu eta abarren bidez.

Mendeurreneko egitarau zabal horri amaiera emateko, bada, Artium Museoak Munstro baten etxean solasean lana aurkeztuko du, Josune Velez de Mendizabal kazetari eta aktorearen euskarazko antzezlan performatiboa, alegia. Lanak elkarrizketa bat du abiapuntu: Velez de Mendizabalek Basterretxeari 2008an Hondarribiko Idurmendietako baserrian eginiko elkarrizketa, Gasteizko Geu Elkarteak 1992-2009 bitartean argitaratu zuen GEU Gasteiz aldizkariaren enkarguz egina.

Aktorearen hitzetan, "Basterretxearen mendeurrenak nire iraganeko une hori berreskuratzera bultzatu ninduen, elkarrizketaren grabazioa gordetzen nuen zinta zahar hura berreskuratzeak ekarriko zidanari aurre egiteko indarrak biltzera". Eta, hala, elkarrizketatuak elkarrizketatzaileari eragin zion zirrara du ardatz lanak: "Basterretxea munstro bat zen, eskuekin ideiak eta ametsak (bereak eta unibertsalak) gorpuzteko gai zen munstro handi bat. Bizar zuri hori, ahots sakon hori… Etxeko ateak ireki zizkidanetik, ezin izan nion utzi zezelka mintzatzeari. Alferrikakoak izan ziren profesional itxura emateko egin nituen ahalegin guztiak. Elkarrizketa hura paperean argitaratu zenean, egokia, txukuna, zuzena izan zen tonua. Zintan jasotako grabazioa, ordea, beste giro baten lekuko da: isiluneak, nerbioak, amaitu gabeko galderak… Horrela geratu da erregistratuta, betiko dokumentatuta. Gordin, iragazkirik gabe. Eta zu, nola sartuko zinateke munstro baten etxean?".

Josune Velez de Mendizabalek 2024ko irailean aurkeztu zuen lehen aldiz Munstro baten etxean solasean, Baratza Aretoko Scratxe Gauan, sortze-prozesuan zegoela artean. Lanak izan zuen harrera onak aurrera jarraitzera bultzatu zuen egilea, eta, azkenean, joan den martxoan estreinatu zuen Loraldia jaialdian, Marina Suarez zuzendari artistikoa zuela.

Mendeurrena Artium Museoan

2004an, Néstor Basterretxearen figura izan zen protagonista Artium Museoaren programazioan. Liburuaren Eguneko Jendaurreko Irakurraldietan gogoan izan zuten artista. Maiatzean Néstor Basterretxea. Artxiboa erakusketa aurkeztu zuen museoak, 2023an familiak museoari dohaintzan emandako dokumentu-funtsa ardatz harturik, zeinak aukera eman baitzuen haren irudira hurbiltzeko, idazkien, argazkien, gutunen, zinema-proiektuen, herri-lanen proiektuen, liburuxken eta artikuluen bidez, besteak beste. Basterretxearen ondare dokumentala izan zuten aztergai, hain zuzen, joan den ekainean, museoak berak museoan bertan antolatutako EHUren udako ikastaroan. Basterretxearen figurari eskaini zitzaizkion, gainera, UNEDekin elkarlanean antolatutako Praktika artistiko garaikideen hastapenak ikastaroaren azken bi saioak ere.

Halaber, museoak www.basterretxea100.artium.eusgunea kudeatu du denbora honetan. Gune horrek Basterretxearen dokumentu-funtsa online kontsultatzeko aukera ematen du eta, horrez gain, haren figurari buruzko testuak, irudi-galeriak edo ikus-entzunezko materialak bildu ditu, artistaren bizitzako alderdi profesionaletan eta pertsonaletan sakontzen dutenak. Mendeurrenaren kariaz antolatutako ekimen guztiak web-plataforma horretan jasota daude, zeinak egindako jarduera guztien biltegi gisa funtzionatzen baitu orain. Hain zuzen ere, Munstro baten etxean solasean antzezpena izango da plataforma horretara egindako azken ekarpenetako bat. Emanaldia maiatzaren 6an izango da, 19:00etan, museoaren A4 aretoan, artistaren jaiotzaren urteurrenarekin bat etorriz.


essence

Essence

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

itsasbazterra

Itsasbazterra

Alex Bloc

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 02tik
2026ko Abenduaren 28ra

foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

sinbiotika

Sinbiotika

Txaro Marañon

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 08ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.