artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Lumbreras galeriak meszenasgo bere programarako artista gazteak aukeratu ditu

Gazteak Gazteei Deika (Joven Llama Joven, gazteleraz) egitasmorako irizpideak betetzen zituzten 70 hautagaitza jaso ditu Bilboko galeriak. Garazi Etxebarria Azurmendi, Aitana Rodriguez Albalejo, Alejandro Gonzales Oses eta Pablo Zabala dira 2024/2025 edizioan parte hartuko duten artista gazteak.

lumbreras-galeriak-meszenasgo-bere-programarako-artista-gazteak-aukeratu-ditu
Xavi Ceerreren -Esplai- erakusketa, 2019an. Arg/ Lumbreras galeria

| 2024ko Uztailaren 8a

JOVEN LLAMA JOVEN (Gazteak Gazteei Deika) bertako nahiz nazioarteko artista gazteak laguntzeko Juan Manuel Lumbreras galeriaren proiektua da, pintura, eskultura, argazkigintza, grafika eta ikus-entzunezkoen arloan. Honekin, galeriak helburu bikoitza lortu nahi du: alde batetik, talentu gazteak beren karreraren hasieran ezagutaraztea, eta, bestetik, beren belaunaldiko gazteak arte galerien mundura erakartzea.

Helburu artistiko hutsez gain, beste helburu bat ere badu: hautatutako artistek, beren erakusketen bidez, artearen merkatuan profesionalki hasteko baliabide ekonomikoak lortzea. Horretarako, erabakigarria da erakundeen, enpresen eta partikularren laguntza, urtean lanen bat erosiz; artistak salmentaren prezioa oso-osorik jasotzen du, galeriarentzat inolako komisiorik gabe. Galeriak baldintza bakarra du: artistarekin aukeratutako obra bat ematea galeriaren bildumarako.

Proiektuak kulturaren munduko erakundeen babesa du, baita EHUko Arte Ederren Fakultatearena, BilbaoArterena, irakasle, artista eta hainbat babesle pribaturena ere, hala nola Nautilus Lanzaroteko Artistaren Etxearena.

Mezenasgo proiektu hau duela zazpi urte hasi zuen Bilboko galeria famatuak eta, ordutik, 26 artista aukeratu dituzte bere egoitzan bakarkako erakusketa jartzeko.

Hautatutako lau artisten erakusketak ondoko data horietan erakutsiko dute Lumbreras galerian:

  • Garazi Etxebarria Azurmendi (2024ko urriaren 24tik abenduaren 5era)
  • Aitana Rodriguez Albalejo (2025eko urtarrilaren 10etik otsailaren 28ra)
  • Alejandro Gonzales Oses (2025eko martxoaren 6tik apirilaren 25era)
  • Pablo Zabala (2025eko maiatzaren 7tik ekainaren 12ra)

70 hautagaien soslaiak

Aurten, deialdiaren baldintza guztiak betetzen zituzten 70 eskaera onartu dituzte, hau da, honako ezaugarri hauek betetzen zituztenak:

  • Generoa: 40 emakume, 29 gizon, 1 ez binarioa.
  • Jatorria: 26 Euskal Herrikoak, 32 Estatu espainiarrekoak eta 12 bestelakotakoak (Alemania, Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Indonesia, Italia, Peru, Portugal eta AEB)
  • Prestakuntza: 38 EHUkoak eta 32 nazioarteko beste fakultateetakoak.
  • Arloa: 52 pintura, 6 grabatu, 5 argazki, 3 eskultura, 2 zeramika eta 2 marrazki.

2016tik proiektuan parte hartu duten artistak

2016/2017 denboraldian Ivan Chacon, Mikel del Rio, Fernando Alvarez Charro eta Amaya Suberviola artistak aukeratu zituzten; 2017/2018 denboraldian Amalia Julieta Gomez, Gabriel Coca, Nagore Amenabarro eta Karlos Pellitero eta 2018/2019 denboraldian, Sònia Toneu, Eztizen La Cruz, Mikel Erkiaga eta Xavi Ceerre.

2019/2020 denboraldian, osasun-krisiaren eta jasaten ari ginen salbuespenezko konfinamendu-egoeraren ondorioz, bi artista baizik ezin izan zituzten hartu: Paula Costantino eta Pablo Astrain. 2020/2021 denboraldirako, alarma-egoeran osoki pasa genuen urterako, proiekturako aldez aurretik aukeratu zituzten artistetako batzuk erakustea erabaki zuten, haien bilakaera ikusi ahal izateko: Amaya Suberviola, Gabriel Coca, Eztizen la Cruz, Mikel del Rio, Sònia Toneu eta Xavi Ceerre.

2021/2022 denboraldian, Alba Seijas, Marcos Rico, Irene Carmona eta Jon Amorrortu izan ziren galerian bakarkako erakusketa jartzeko aukeratutako artistak. Horrez gain, Sònia Toneu eta Xavi Ceerreren lana Madrilgo (Espainia) ESTAMPA azokara eraman zituzten, 2022ko urrian.

2022/2023 denboraldirako Nerea Pinedo, Urtzi Urkixo, Madalen Pinuaga eta Nerea Apodaka aukeratu zituzten eta Amaya Suberviola eta Xavi Ceerre artistekin izan ziren Madrilgo ESTAMPA azokan, 2023ko urrian.

Azkenik, 2023/2024 denboraldirako aukeratutakoak Berni Puig, Celia Martinez eta Tito Chambino izan ziren.

https://galerialumbreras.com/


erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

ahotsak

Ahotsak

Erakusketa kolektiboa

La Central (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 04tik
2026ko Urriaren 02ra

foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.