artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Chiharu Shiotak etxea eta gorputza hari gorriz batu ditu Bilbon

Artista japoniarrak Bilboko Azkuna zentrorako espresuki sortu du 'The Inside and Outside' instalazioa. Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai.

chiharu-shiotak-etxea-eta-gorputza-hari-gorriz-batu-ditu-bilbon
'Internal Line' instalazioa, Azkuna zentroko atrioan ikusgai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Leire Rodero Ares [BERRIA.eus]
| 2025eko Maiatzaren 30a

Gorri bizia da Chiharu Shiota artista japoniarrak ikusezinari buruz hitz egiteko beti aukeratzen duen haria. Sentitzen den guztia, oroitzen dena, maite dena, gorriz ehuntzen du artistak. "Dena pasatzen da gorputzetik, eta gorputza arima bizi den etxea da". Egin dena, sortu dena eta norbera dena ere bada gorputza sortzailearentzat, eta, dioenez, gorputzetik pasatzen da bere artea ere. Horregatik, Shiotak aterpe intimo bat altxatu nahi izan duBilboko Azkuna zentroan My House is your House erakusketarekin. Artistaren hiru hamarkadako ibilbidea batzen du bildumak, eta, tartean, badago espresuki Bilborako sortu duen instalazio bat ere: The Inside and the Outside. Irailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Bilborako ez ezik, bilbotarrekin batera sortu du pieza hori. Galdera bati erantzuteko eskatu zien artelana ontzen lagundu nahi zuten herritarrei. "Zer da etxe bat?". Shiotak 2.000 eskutitz inguru jaso zituen bueltan, hainbat hizkuntzatan idatziak, eta, bertan, etxearen funtsa zein den azaldu zion jendeak. Artistak, bere tonu intimo eta pertsonalari leial, horiekin guztiekin eraiki du Azkuna zentrorako sortutako pieza berezia; hain zuzen, gutunak fisikoki integratu ditu instalazioan. Hari gorriz egindako etxe bat da, non, artistak azaldu duenez, oroitzapenak elkar lotzen diren, konexio erreal eta sinbolikoekin. "Pieza hau efimeroa da", ohartarazi du, halere: "Erakusketa amaitzen denean, desagertu egingo da". Izan ere, haren hitzetan, "oroimena da etxe batek existitzen jarraitzea eragiten duena".

Azkuna zentroaren atarian abiatzen da erakusketa, lore-begi erako soineko gorri monumentalek osatzen duten instalazio batekin. Soineko guztiak sabaitik zintzilik daude, eta jantziek bigarren azal bati egiten diote erreferentzia, babesa eta ezkutalekua ematen duten oihalak direla esan baitu Shiotak. "Etxearen metafora bat da".

Behin areto barruan, hainbat espazio okupatzen ditu erakusketak. Hari amaigabe batekin kobazulo gorri bihurtu du lehen aretoa. Eskuz ehundutako istorioak kontatzen ditu bertan Shiotak. Zuntz bakoitzak sinbolo sakon bat du atzean, eta, horri tiraka, harizko elkarrizketa bihurtzen du etxea. "Fisikotik haratago doan etxe ideala irudikatzen du", azaldu du Tereza de Arruda erakusketaren komisarioak.

Atzera begiratzeko

Bigarren eta hirugarren aretoetan bildutakoak erakusketako artxibo emozionalak dira nolabait, artistak errepikatu baitu oso pieza pertsonalak direla. Azken 30 urteotan sortutako lanak bildu ditu bi areto horietan: pieza txikiak, marrazkiak, argazkiak eta performanceen bideoak. Bere ibilbidean adierazteko modua zabaltzeko eta esperimentatzeko beharra sentitu izan duela azaldu du, eta elementu bakoitzak bere historiaren zatiak erakusten dituela. "Sortzen dudan guztia gorputzetik sortzen da", nabarmendu du, eta ideia hori ukigarri bihurtu du lan horietan.

Instalazioak dira Shiotaren lanik ezagunenak. Hari gorri mataza handiekin osatutakoak dira haietako batzuk, eta halakoak ere bildu dituzte Bilboko erakusketan. Bi areto horietan, baina, ez dute instalaziorik jarri; koadroak eta argazkiak baliatu dituzte sortzailearen iraganeko lanak erakusteko. Eta hala, artistaren ibilbidearen atzera begirako itxura ere hartzen du erakusketak zati horretan.

Bigarren aretoan Becoming Painting bere lehen performancea ikusteko aukera dago. Lan horrek artistaren pintatzeko eta sortzeko moduan aldaketa ekarri zuela azaldu du De Arrudak, eta erakusketako txokorik pertsonalena horixe dela ere esan du komisarioak.

Kutsu intimista atzean utzita, Body and Soul instalazioarekin, zaratak eta mugimenduak hartzen dute azken aretoa. Shiotak beraren gorputzean dauden kezkak islatzen ditu obra horretan, komisarioak azaldu duenez. Hain zuzen, gorputza etxe den kontzeptua muturrera eramaten du artistak azken ataletan, arimak dituen hausturak gorpuzten baititu odolaren mugimenduak.

Erakusketaren aurkezpenean gorputzaren kontzeptua nagusitu da: gorputza, babesleku eta etxe gisa. "Nire oinek lurra ukitzen dute, baina nire gorputza airean dago", esan du artistak. Komisarioak eskuz egindako lanaren balioa ere azpimarratu du: "Hari bakoitza kontu handiz tenkatu dute Shiotaren eskuek".

my-house-is-your-house

My House is your House

Chiharu Shiota

Azkuna Zentroa (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Maiatzaren 27tik
2025eko Irailaren 28ra


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.